Bruce Katz eta metropoliko ordezkari publikoak
Bruce Katzek, politika publikoen nazioarteko aholkulari ospetsuak, hiriek eta metropoli-eremuek aurrean ditugun erronka globalei erantzuteko lidergo-papera betetzearen alde egiten du. Hori da nazioarteko aditu honek, Bilbao Metropoli-30 Elkarteak Bilbora gonbidatuta, “The New Localism” bere azken liburuan proposatzen duen eta egunotan parte hartu duen hainbat ekimenetan aurkeztu duen hiri-garapenaren ikuspegia.
Horien artean, azaroaren 3an Bruce Katzek lan-bilera bat izan zuen metropoli-eremuko alkate eta ordezkari publikoekin, eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak ere parte hartu zuen irekiera instituzionalean. Diputatuak aurkezpenean nabarmendu zuen erregioetako gobernuek arintasuna eta eraginkortasuna eskain ditzaketela ekonomia, gizarte edo ingurumen arloko erronkei aurre egiteko, eta, horretarako, gure Lurralde Historikoan zergak jasotzeko dugun gaitasunaren garrantzia eta bizkaitar guztien kohesioa bermatzeko helburua ere aipatu zituen.