Bizkaian Profesionaltasunerako Trebetasunen Programaren IV. edizioa
Bizkaian Profesionaltasunerako Trebetasunen Programa berritzaile bezain aitzindariaren laugarren edizioa abian da. Bertan, hain zuzen ere, 440 ikaslek parte hartzen dute eta, abian jarri zenetik, ia mila parte-hartzaile izan ditu.
Programa hori Bizkaia Talent-ek zuzentzen du Talentia Zerbitzuaren esparruan, eta honako hauexen babesa jaso du: Bilbao Metropoli-30, EHUko Zientzia eta Teknologiako Fakultatea, Deustuko eta EHUko Zuzenbide Fakultatea, Deustuko Unibertsitateko Deusto Business School, EHUko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa, Deustuko Ingeniaritzako Goi Eskola (ESIDE), Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, MUko Enpresa Zientzien Fakultatea, EHUko Ekonomia eta Enpresako Fakultatea eta elkargo profesional batzuk: Euskadiko Ekonomialarien Elkargoa, Euskadiko Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkargoa eta Euskadiko Bide, Kanal eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa, Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala eta Bizkaia eta Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsua.
Programaren helburua da, ikasle-garaian, ikasle parte-hartzaileek bizitzako eta karrerako plana diseinatzea, euren interes eta asmoetan oinarrituta. Plan hori euren garapenerako tresna izango da, eta, modu horretan, maila pertsonal zein profesionalean satisfazio handiagoa lortuko dute.
Programa honen bitartez, ikasleek profesional adituen laguntza izango dute, jarduera akademikoetan eta curriculumari dagozkion jardueretan euren plana diseinatzeko orduan. Gainera, karreran eskuratutako trebetasun eta gaitasunen portafolioa garatu ahal izango dute, eta euren talentua enpresa eta erakundeei eskaintzen ikasiko dute, balioaren eta ongizatearen sorreran arreta jarriz.
Zeharkako eskumenen taldekako tailerrek, elkargoaren euskarria duten taldekako tailerrek, taldekako coaching saioek eta gizarte-ekintzako ekimenek osatzen dute programa.