Etorkizuneko hiria ez da zientzia-fikziozko filmetakoa bezalakoa
Norbaitek etorkizuneko hirien kontzeptua aipatzen duenean, gure buruak ezinbestean filmetan ikusi duguna imajinatzera eramaten gaitu: hiri-ingurune ultra-teknologikoa, deshumanizatua eta apur bat kaotikoa, non makinek eta pantailen argiek protagonismo osoa hartzen duten. Eta ez bakarrik Lurrean, baita hortik kanpo ere. Era berean, gero eta gehiago barneratu dugu kontzeptu berri bat, Terraforming edo beste planeta batzuen inguruneak aldatzeko aukera ematen duen teknika-multzo hori, hain zuzen ere gizakientzat bizigarriak izan daitezkeen inguruneak sortu ahal izateko.
Hala ere, etorkizuneko hiriek askoz ere kontzeptu sinpleagoekin eta pertsonak gaiaren epizentroan jartzen dituzten neurriekin dute zerikusia.
Biharko hiria gaurdanik diseinatzen hasi behar dugun errealitatea da, herritar guztion ongizatea bermatuz etorkizun hobea eraikitzeko. Horregatik, BBKn aspalditik ari gara Agenda 2030ean ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko lanean. Zehazki, hirien kasuan, gure erreferentziazko helburua 11. GJH da, hiri eta komunitate jasangarriak aipatzen dituena etorkizunerako eredu gisa, eta leku seguruak, erresilienteak, inklusiboak eta jasangarriak sortzera bultzatzen gaituena, ingurumen, gizarte eta gobernu oneko irizpideen arabera proiektatuak.
BBKn barneratuta daukagu izateko, egoteko eta jarduteko modu hori, eta leitmotiv batean adierazi dugu, bi hitzetan dena dioena: lehiakortasun jasangarria. Guretzat hori da nahi dugun eta merezi dugun etorkizuna eraikitzeko jarraitu beharreko eredu bakarra, eta badakigu horretarako beharrezkoa dela epe luzean oinarritutako estrategia bat, errentagarritasun ekonomiko hutsetik eta epe laburretik harago begiratuz.
Zinemak eta literatura fantastikoak entretenitu gaituzten neonezko argiak eta androideak alde batera utzita, BBKn gaurtik aurrera biharko hiriak eraikitzen hasteko giltzarritzat jotzen ditugun oinarrizko gai batzuk laburbildu nahi nituzke artikulu honetan.
Hasteko, funtsezkoa da herritarren oinarrizko beharrak bermatzea: kalitatezko hezkuntza, osasun-zentro egokiak, garraio publiko irisgarria, zabor-bilketa, segurtasuna, finantza-zerbitzuetarako sarbidea edo airearen kalitate ona. Bizkaian, adibidez, urte osoko egunen % 91n airearen kalitate oso ona dugu, edo sortutako hondakinen % 90 aprobetxatzeko gai gara. Baina ezin gara erlaxatu: urrutirago joan gabe, eta gure isurketek beheranzko joerari jarraitzen dioten arren, bilbotar bakoitzak, batez beste, 2,5 tona CO2 baino gehiago isurtzen ditu urtean, hau da, Bilbo eta Pekin arteko distantzia autoz egiten du 2 aldiz.
Faktore horiek eta beste batzuek berebiziko garrantzia dute, eta finkatu egin behar dira, bestela gizarte-zatiketetan sakontzen lagunduko bailitzateke. Horregatik, irizpideak txertatu behar dira hiriak baldintza berdinetan bizi ahal izan ditzaten biztanle guztiek, haien adina, generoa edo mendekotasuna edozein izanda ere. Era berean, oso garrantzitsua da talde kalteberak inplikatzea hiri-garapenaren plangintzan.
Bigarrenik, hiriak modu demokratikoan bermatu behar du etxebizitza-eskubidea, gizarte-ongizatea bultzatzeko. Azken pandemiak are gehiago utzi du agerian etxebizitza duinak behar direla guztiontzat, bizitza-proiektu bat garatzea ahalbidetuko duten etxebizitzak. Eta, gainera, etxebizitza irisgarria eta energetikoki eraginkorra bermatu behar da. Bi alderdi horiek auzuneetara eta garraio publikora estrapolatu litezke, mugikortasun jasangarria ahalbidetuko duten azpiegiturak eta bideak izateko. Bizkaian, urrunago joan gabe, 132 milioi bidaia baino gehiago egiten ditugu urtean Garraio Publikoan. Energia-kontsumoa eta kutsadura murrizten lagun dezaketen baldintzatzaile multzo bat.
Hirugarrenik, hiriak naturaz gozatzeko berdeguneak izan behar ditu, aire garbia arnasteko eta askotariko jarduerak egiteko, adin-talde guztien osasun fisikoa eta psikologikoa bultzatuz, modu inklusiboan eta, aldi berean, bizitzeko auzo eta hiri erakargarriagoak eginez.
Laugarrenik, hiriak tokiko eta hurbileko kontsumoa sustatu behar du; batetik, espazioak dinamizatzen eta bertan bizi diren gizarte-talde guztiak barne hartzen laguntzen duelako; eta, bestetik, ekoizleei eta herritarren osasunari mesede egiten dielako. Horregatik, BBKn lehen sektoreari eta tokiko salmenta-puntuari babesa ematen diegu hainbat ekimenen bidez, gure gizartearentzat behar-beharrezkoak direla uste dugulako.
Eta ekonomiaz ari bagara, BBKn pentsatzen dugu etorkizuneko hiriak ekonomia sozial bidezkoago eta inklusiboago baterantz jo behar duela, pertsonen beharrizanak irabazien gainetik jartzen dituzten ekimen ekonomikoak dituena eta ekitatea, elkartasuna, jasangarritasuna edo komunitatearekiko konpromisoa bezalako balioek bideratuta dagoena. Eta ekonomia sozialaren parean dago ekonomia zirkularra, gizarte-eragileek zeresan handia duten egiteko modu bat. Gizarte-eragileez ari naizenean, erakundeei, taldeei, elkarteei, antolakundeei eta enpresei buruz ari naiz. Ditugun baliabideak mugatuak dira eta formula horretan pentsatu behar da produktu berriak ekoizteko orduan.
Azkenik, herritarren parte-hartzeari keinu egin nahi nioke. Desberdintasuna markatzen duten keinu txikiekin laguntzeaz gain, hiri jasangarriak eraikitzea guztion kontua da. Tokiko gobernuen lehentasunetako bat izan behar da komunitateak hirigintza inklusiboko politiken diseinuan parte hartzeko duen gaitasuna garatzea, bai eta alderdi interesdunek modu aktiboan parte hartzeko aukera izango duten inguruneak bermatzea ere. Erabakiak herritarrekin batera hartzeak funtsezko konpromisoa izan behar du hiri-politika inklusiboak diseinatzeko eta abian jartzeko, batez ere komunitate kalteberentzat, hala nola ezintasunak dituztenak eta adinekoak.
2016an termino berri bat sortu zen etorkizuneko hiriek izan behar dituzten ezaugarriak jasotzeko, «15 minutuko hiria», eta, laburbilduz, oso hiri-eredu malgua da, herritar guztiek beren eguneroko beharrizanak asetzeko oinez, bizikletaz edo garraio publikoan 15 minutu baino gutxiagoko distantzian iritsi ahal izatea bermatuko duena.
Bizitzea, lan egitea, erostea, osasuna, hezkuntza eta kultura eskuratzea eta naturarekin harmonian atseden hartu ahal izatea. Hiriek bermatu behar dituzten oinarrizko zazpi funtzioak dira, ordu laurden baino gutxiagoko ibilbidean. Onurak nabarmenak dira: jasangarritasunean, inklusioan eta berdintasunean oinarritutako bizi-kalitate handiagoko hiria, tokiko ekonomia bultzatzen duena gainera. Houston, Milan, Brusela edo Melbourne bezalako hainbat hiritan praktikan jarri da eta gero eta jarraitzaile gehiago ditu.
Gure lurraldean bide onetik goaz. Hiri eta komunitate jasangarriak eraikitzen ari gara, non pertsonak protagonista diren. Aurrerapen teknologikoek hobekuntzak errazten dituzte metropolietan, baina ez dute inoiz hirietako gizatasuna ordezkatuko, filmek kontatzen ziguten bezala. BBKn hor jarraituko dugu, eragile guztiengandik hurbil, haiekin eskuz esku lanean Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko eta datozen belaunaldiei merezi duten bizi-kalitateaz eta ongizateaz gozatzeko aukera ematen duten hiriak uzteko.
Xabier Sagredo
BBK-ko Presidentea