Bizkaia, Berrikuntza eta Jasangarritasuna Etorkizuneko Turismoan. Aldi baterako herritarren kontratua.
Bizkaiko turismoa gure metropoliaren eta haren etorkizunaren ekonomiaren zein gizartearen funtsezko zutabeetako bat bihurtu da. Ia %6ko ekarpena egiten dio BPGri, eta 53.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu. Bideragarritasuna eta epe luzerako onura ziurtatzeko, funtsezkoa da praktika jasangarriak eta barneratzaileak hartzea. Bizkaiko estrategiak funtsezko lau bide ditu ardatz: irisgarritasuna, turismo birsortzailea, deszentralizazioa eta desestazionalizazioa, bereziki inklusibitatea azpimarratuz, “Bizkaia, mugarik gabe gozatzeko helmuga” lelopean.
Irisgarritasuna funtsezkoa da benetan barnerakoia izango den turismoa sustatzeko. Bizkaian, estrategia integral bati ekingo diogu pertsona guztien premiei heltzeko; ezintasun fisikoak, intelektualak, sentsorialak eta mentalak dituztenak barne. Gobernantzak funtsezko zeregina du, eta interesa duten alderdi guztiak (tokiko erakundeak eta irisgarritasunean adituak) inplikatzen ditu, politika koherenteak eta eraginkorrak bermatzeko. Gure webgunea eta sustapenerako materialak berritzea aurrerapauso bat da bide honetan, irisgarritasun estandar zorrotzenak betetzeko.
Turismo birsortzailea aurrerapen nabarmena da jasangarritasun tradizionaletik haratago. Modalitate honek, inpaktu negatiboa minimizatzeaz gain, helmuga turistikoak biziberritu nahi ditu. Bizkaian, natura eremuak berreskuratzea eta tokiko kultura sustatzea barne hartzen duten proiektuak inplementatu dira. Ekimen horiek erakusten dute disruptiboa dena, batzuetan, txikiena dela, eta ekintza txikiek eragin handia izan dezaketela turismoaren kanpo efektuetan.
Deszentralizazioa funtsezko beste estrategia bat da helmuga erakargarrienen saturazioa saihesteko eta turismoaren onurak modu ekitatiboan banatzeko. Bizkaiak hain ezagunak ez diren helmugak sustatzen ditu eta bere eskualdeen ezagutza bultzatzen du, turismo fluxuak lurralde osoan zehar bana daitezen. Horrek landa eremuen eta bisitari gutxiagoko eremuen garapen ekonomikoa bultzatzen du. Estrategia horrek gehien bisitatzen diren eremuen gaineko presioa arintzeaz gain, garapen orekatuari eta lurralde kohesioari ere laguntzen dio.
Azkenik, desestazionalizazioaren helburua goi denboraldien mendekotasuna murriztea da, urtean zehar bisitari kopuru orekatuagoa sustatuz. Bizkaian, joera hori sendotu egin da sasoiz kanpoko ekitaldiak eta jarduerak sustatuz. Horri esker, egonkortasun ekonomiko handiagoa eta bizi kalitate hobea lortu dute egoiliarrek. Estrategia horrek ziurtatzen du tokiko ekonomia ez dela urtaroko sasoirik jendetsuenen mende egongo.
Gure politikekin saiatzen gara bidaiaria lurraldeko aldi baterako herritar bihur dadin, bere eskubide eta betebeharrekin. Gizarteak eta turismoak modu harmoniatsuan bizi behar dute. Izan ere, azkenean, denok gara edo izan nahi dugu turista besteen lurraldean. Elkarrekiko erantzukizuna eta konpromisoak hartzeak bisitariaren esperientzia hobetzeaz gain, tokiko komunitatea aberasten du, kultura eta gizarte truke positiboa sustatuz.
Gobernantza funtsezkoa da estrategia horiek arrakasta izan dezaten. Bizkaiko Foru Aldundiak lidergo handia erakutsi du irisgarritasuna eta jasangarritasuna sustatzen dituzten politika publikoak ezartzean. Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza, eta tokiko elkarte eta komunitateekikoa ere, funtsezkoak dira ekimenak eraginkorrak izango direla eta turismoaren onurak zuzen banatuko direla bermatzeko.
Bizkaia egokiak diren beste helmuga batzuekiko pribilegio posizioa bermatzeko oinarriak ezartzen ari da. Ez ditugu zifrarik eta errekorrik onenak lortu nahi. Gure eredua sendotu nahi dugu, eta lan horretara bideratuta daude gure ahalegin guztiak: turismo jasangarria eta balio erantsi handikoa. “Bizkaia, mugarik gabe gozatzeko helmuga” lelopean, konpromisoa hartzen dugu guztiontzat, egoiliarrentzat zein bisitarientzat, onuragarria izango den turismoa lortzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko.
Sonia Pérez Ezquerra
Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustazeko Saileko Foru Diputatua