Eusko Jaurlaritzak apustu irmoa egin du, azken hamarkadetan, zerbitzu publikoak hobetu eta modernizatzeko, beti ere herritarrak bere jardueraren erdigunean jarrita. Gainerako euskal erakundeak ere bide horretan lanean ari dira.
Gero eta sakonagoak diren etengabeko eraldaketek, besteak beste, eragin zuzena dute herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanean, eta horrek ezinbesteko egiten du elkarlanean aritzea.
Elkarlan hori are garrantzitsuagoa bilakatu da pandemiak osasun, gizarte eta ekonomia arloetan izandako ondorioei erantzuna ematerako orduan. Ukrainako inbasioak eta gerrak gehiago zaildu du egora, ez soilik ikuspegi humanitariotik, baita alderdi ekonomiko eta sozialean inpaktu handia izan duelako ere; eta horrek teknologia bera proban jarri du. Gogoeta egiteko, lehentasunak birdefinitzeko eta are gogotsuago lan egiteko unea da.
Gobernu egitasmoan, Gobernu gisa egiten dugun ekintzaren ibilbide-orrian, jasotzen den bezala, Administrazioa modernizatzeaz harago, beharrezkoa da etapa berri bati ekitea, berriz diseinatzea sustatzeko, herritarren eskaera eta eskakizun berriei hobeto erantzuteko.
Gizarte eta garai likidoan bizi gara, indibidualismoa gero eta presenteago dagoen gizartean eta horrek zuzenean eragiten dio gero eta aldakorragoa eta iragankorragoa den bizimodu bati. Denak du iraungitze-data. Beraz, bereziki garrantzitsua da etengabe egokitu eta birrasmatzeko gaitasuna, betiere ahaztu gabe testuinguru likido horretan Administrazioak bere sendotasuna eta erabakitasuna erakutsi behar dituela, aurre egin behar dion testuingurutik haratago joateko eta bere herritarrei fidagarritasuna eta ziurtasunak eskaintzeko. Gainera, aldi berean, garapen jasangarriko helburuak lortzeko bidean aurrera egiten jarraitu behar dugu.
Horretarako, eta betiere herritarrak eta zerbitzu publikoa gure jardunaren erdigunean jarrita, Eusko Jaurlaritzak ibilbide-orri bat prestatu eta onartu zuen, gobernu-programan jasotako ekimen askori erantzuna emateko: ibilbide-orri hau Ardatz 2030 izenarekin bataiatu genuen, Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoa.
Administrazio publikoa etengabe hobetu beharra eta zerbitzatzen duen gizartearen egoera aldakorretara egokitu beharra legegintzaldien mugen gainetik daude. Horregatik, helburu horretara bideratutako politikek epe luzerako ikuspegia izan behar dute, ziklo politikoen gainetik egon behar dute. Izan ere, etengabeko ahaleginarekin bakarrik lor daitezke emaitza esanguratsuak.
Hastapenetan gaude. Auzolanean egin dugu Plana eta auzolanean garatu beharko ditugu bertan jasotako helburu eta erronka guztiak, guztion ongia helburu izanik.
Garai nahasi horiek ezin dute geldiarazi Administrazio Publikoa etengabe digitalizatzeko eta modernizatzeko egin dugun apustua. Egoera horietara egokitzeko gai izan behar dugu, elkarrekin, elkarlanean Europak proiektu berriak finantzatzeko ematen dizkigun aukerak aprobetxatzeko. Seguru nago, urratsez urrats eta eskutik helduta, Metropoliaren filosofiarekin lerrokatuta, eta herritarrak eta euren beharrizanak erdigunean jarririk, euskal administrazioaren eraldaketa gauzatzeko gai izango garela. Gu prest gaude erronkari heltzeko. Elkarlana da bidea.