2023an Euskadi-Japonia urtea ospatzen ari da. Asmo handiko ekimena da, gure moduko Herri batek nazioartean proiekzioa zabaltzeko asmoa erakusten diguna. Kirmen Uriberen liburuan adierazten den bezala, “abangoardia maite duen antzinako herria gara”.
Euskadi beti izan da itsasora eta, horren bitartez, mundura irekitako Herri bat. Argi dago azken urteotan, bizi dugun mundu globalean, helburu horrek indar handiagoa hartu duela…
The Bay Awards-en ekimena urrats berri bat da bide horretan. Urrats berri hori, gainera, bat dator gure Nazioartekotze Estrategiaren hiru zutabeekin:
– Bat: indar publiko pribatuen batasunaren bidez abian jarritako ekimena da, hau da, auzolana;
– Bi: gure itsas tradizioan oinarritzen da eta, aldi berean, ekimen aitzindari eta berritzailea da, eta
– Hiru: handinahia da eta mundu guztiari irekita dago.
Euskadi Basque Country nazioartekotzeak estrategia partekatu bati erantzuten dio:
– Bat gatoz, lehenik eta behin, betidanik itsasora irekita dagoen, mundura… irekita dagoen Herri baten parte garela dioen ideiarekin.
Adibide batekin laburbiltzeko: irailaren 8an, Elkanok munduan zehar egindako bidaiaren balentria amaitu zen egunean, “Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna” ospatu genuen. Gertakari honek gure historiaz hitz egiten digu, baita Euskal Etxeen sarea eta mundu osoko euskal gizataldea bizirik mantentzen duten pertsonekin dugun konpromisoaz ere.
– Bigarrenik, gero eta globalagoa eta interkonektatuagoa den mundu batean bizi garela uste dugu. Ondorio logikoa da herri txiki batek indarrak batu, sareak eta aliantzak osatu behar dituela, munduan duen posizioari eusteko. Lankidetza publiko-pribatuaren ereduan sinesten dugu, eta eredu hori “sine qua non” baldintza da Euskadi Basque Country nazioartekotzearen kasuan…
– Hirugarrenik, bat gatoz gero eta testuinguru ireki eta lehiakorragoan proposamen eta erantzun berritzaileak eskaintzeko beharrarekin. Nazioarteko panoraman nabarmentzeko, Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datorren modu jasangarri eta solidarioan egiteak exijentzia eta berrikuntza handiko ariketa egitera behartzen gaitu.
Hauek dira The Bay Urban Visioning Awards nazioarteko sariei buruz hitz egiteko nabarmendu ditudan hiru balioak.
Euskadi Basque Country nazioartekotzen laguntzen duen ekimen honetan parte hartzen dugu, indarrak batzea du oinarri, eta planteamendu kooperatibo, berritzaile eta handinahia egiten du, hiri-garapenaren, giza garapenaren, garapen jasangarriaren eta elkartasunaren eredu baten zerbitzura.
Euskadi Basque Country-ren kanpoko presentzia indartzea ahalegin kolektiboa da. Nazioartekotzeko euskal ekosistemaren erakunde eta eragile publiko eta pribatu guztiek – Bilbao Metropoli 30 barne – laguntzen dute “auzolanean”.
Bi noranzkoko zubia da. Euskadi Basque Country ezagutarazteko eta gure interesak sustatzeko aukera. Baina baita ezagutza partekatzeko eta aliantzak sortzeko bide bat ere.
Nazioartekotzea, Denon Onuraren Bilaketa, Ezagutza, Aliantzak… osagai horiek guztiak modu birtualean uztartzen dira The Bay Awards-en. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak ez zuen zalantzarik izan bere babesa emateko.
Ez da lan erraza Euskadi Basque Country-ren nazioartekotzea zabaltzea. Horregatik eskertzen eta babesten ditugu horrelako ekimenak. Ziur nago guztion artean lortuko dugula gure herriaren izena eta izana zabaltzea, sendotzea eta indartzea.
Ongi etorri “The Bay Urban Visioning Awards”.
Marian Elorza
Eusko Jaurlaritzako Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkari Nagusia