Udalek erantzun arin, eraginkor eta efizientea eman behar diete aurrean ditugun gizarte, ekonomia eta ingurumen erronka handiei. EUDELen nahia da begirale izatea, eta, aldi berean, laguntza ematea, estrategiak aurreratzeko.
Maiatzeko hauteskundeetan, euskal herritarrek aukeratuko dituzte hurrengo lau urteetan beren udalerriak gobernatuko dituzten pertsonak. Bertako komunitateei zerbitzu egiteko konpromisoa eta bokazioa dituzten emakumeak eta gizonak. Pertsonak, gizabanako gisa, eta komunitatea, pertsonen artean loturak ehuntzeko elkargune gisa, baliorik berezkoenak dira hurbilen dagoen eremuan, udalerrian, garapena, ongizatea eta bizi-kalitatea lortzeko.
Paradigma aldatzen ari da; mundu globalean nabariak dira ezegonkortasun geopolitikoa, gainjarritako hainbat krisi, pandemia, Errusiak Ukraina inbaditu izana, inflazioa eta energia-kostuak… Gertaera horiek eragina dute pertsonen bizi-ibilbidean eta haien lehentasunetan.
Tokiko gobernuak funtsezkoak dira errealitateari lotuta dauden zerbitzuak aurreikusteko politikak lehenesteko. Egoera abiada bizian aldatzen ari da, eta horrek eragiten digu ez ahaztea inoiz ere herritarrak, haien itxaropenak eta beharrak.
Gaur egun, inoiz baino gehiago, Udalerria da giza eskalako agertokia, jada nabarmenak diren eraldaketa eta aldaketa demografikoetarako. Etapa erabakigarrian gaude tokiko gobernuen lidergoa ikusarazteko, instituzioen arteko eta eragile guztien arteko aliantzatik. Lankidetza publiko eta pribatutik, eta, bereziki, udalerrien eta lurraldeen arteko lankidetzatik abiatuta, gobernantza partekatuaren eredu batean.
Hiriek gero eta eragin handiagoa dute, eta akordio globalak lortzen dituzte udalerri-sareen bidez. Metropoliei dagokienez, gizarte, merkataritza, finantza eta politikako eragin-trukeen fluxuak gainditu egin ditu estatu-nazioen diplomaziak diseinatzeko erabili ziren kontzeptu-esparruak.
Udalerri-taldeek lurralde-errealitate desberdinak dituzte, eta behar dituzten kudeaketa-esparruak lankidetza, elkartasun eta ekintza koordinatuaren printzipio komunetan oinarritu behar dira.
Helburu berberak dituzten desberdinen arteko batasunak indartsuago egiten gaitu oztopoak gainditzeko eta gure helburuak lortzeko. Une honetan, gure herriak eta hiriak tolerantzian, elkarbizitzan, berdintasunean, dibertsitatean eta halako balioetan oinarritutako printzipioen gotorleku dira. Hain zuzen, gizarte-kohesiorako eta demokrazia sendoak eraikitzeko funtsezkoak diren balioak dira. Balio horiek batzen gaituzte, geure identitate kultural eta linguistikotik, eta horiek defendatzeko konpromisoa hartu behar dugu.
Gero eta polarizatuago dauden gizarteetan, estremismoen eta gorroto-diskurtsoen gorakadaren aurrean, euskal udalerriok berrikuntza demokratikoaren eta gobernantza onaren alde egiten dugu.
EUDEL, bere estatutuek aldarrikatzen duten europar espiritua kontuan hartuta, Europako euskal udalgintzaren ordezkari bihurtu da. Horregatik, garrantzitsua da toki-ordezkaritzako beste erakunde batzuekin loturak izatea, hala nola Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluarekin (CMRE) eta Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Kontseiluarekin (CPLRE). Europa beti erreferente gisa, politika publikoen abangoardiarantz aurrera egiteko, pertsonak erdigunean jarriz, inor atzean utzi gabe.
Zalantzarik gabe, hiri guztiek, edozein tamaina eta lekutakoek, partekatzen dute helburu hau: arrakalak eta desberdintasunak saihestea, behar diren baldintzak bermatuz funtsezko eta oinarrizko eskubideak erabiltzea posible izan dadin, hala nola etxebizitza, enplegua, hezkuntza edo kultura eskuratzea.
Udalerrien elkarteek tokiko gobernuak babesten ditugu, eta helburu komunak lortzeko lanean laguntzen diegu, esperientziak eta jardunbide egokiak trukatuz. Partekatzera bultzatzen ditugu, eta ez lehiatzera, ikaskuntza bateratu batean, gero eta erronka handiagoei heltzeko: biztanleria zahartzea, migratzaileen bigarren belaunaldien integrazioa, edo herritarren eskubide berriak, esaterako, irisgarritasun digitala.
Hiri-eremuak esperimentazio- eta berrikuntza-gune nagusi bihurtzen ari dira, parte-hartzea, klima-aldaketa, mugikortasuna eta beste gai batzuk lantzeko. Maila globalean antzekotasunak dituztenez, eraginkorragoak eta pragmatikoagoak dira elkarren artean lankidetzan aritzeko eta irtenbide komunak aurkitzeko.
Nazio Batuek ere protagonismoa ematen diete tokiko agintariei, maila anitzeko gobernantzan, Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) motor gisa. Ildo horretan, EUDELek bideratzen du euskal udalek Euskadiko 2030 Agendari egiten dioten ekarpena. Agenda herriaren baterako konpromisoa da, behetik gora eraikitzen da, eta tokiko ekintza behar du, nahitaez, abian jartzeko.
Etorkizuneko hiriek ideiak eta proiektuak lotzen dituzte, eta maila lokal-globalean aritzen dira lankidetzan. Elkarrekin iritsi gara honaino, eta elkarrekin egingo dugu aurrera, Bilbao Metropoli-30en eskutik, hiriak taularen erdian jartzeko.
Mar Zabala Mardaras
EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen zuzendari nagusia