Etorkizuna ez da sortzen, etorkizuna orainetik eraikitzen da. Beraz, talentuan, ekintzailetzan, berrikuntzan, digitalizazioan eta jasangarritasunean oinarritutako etorkizuneko Bizkaia eraikitzeko oinarriak jartzen hasi behar dugu gaurtik aurrera, euskarri sendoak baitira gure gizartea eta enpresak hazkunderako eta garapenerako.
Ideia horrekiko dugun konpromisoa sendo da, eta horregatik duela urtebete “Bizkaia 2050: Bilbao, Bizkaia, Basque Country” liburua argitaratu genuen, Jon Azuaren eskutik. 2050erako Bizkaia desiragarria lortzeko egin beharreko urratsei buruzko gogoetarako gonbita da lan hori, Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Itsasketa Ganberaren sorreraren 135. urteurrena eta Bilboko Kontsulatuaren 540. urteurrena zirela eta argitaratu zena. Helburua, Bizkaiko eta Euskadi osoko enpresak, erakundeak eta gizartea gaurtik aurrera gure Lurraldearen etorkizuna eraikitzen hastea.
“Bizkaia 2050” txostenean, pertsonek beren bizi- eta lanbide-proiektuak garatzeko aukera izango duten ingurune bat proposatzen dugu, non enpresek abangoardia, berrikuntza, lehiakortasuna eta eskatzen den ongizatea aurkituko dituzten. Liburu honetan gizarte aberatsa, demokratikoa eta inklusiboa lortzeko giltzarrien alde egiten da. Gaur eta 2050. urtean ametsetako agertokira iristeko zer egin beharko genukeen azalduko dugu, eta lanean hasteko ehun puntu garrantzitsu mahai gainean jartzen ditugu.
Ideia horrekin jarraituz, etorkizuneko enpresek eta hiriek modu arduratsuan hazi behar dute, nahi ez diren praktikak alde batera utzita eta jasangarritasuna bultzatuta. Profesionalek eta herritarrek, oro har, ingurune atseginagoak eskatzen ditugu, non arretaren gunea pertsonak izango garen. Bizi-kalitateaz eta prestakuntzaz arduratzen garen habitatak eskatzen ditugu, talentua garatzeko eta askatzeko tresna egokiak dituztenak.
Euskadik ekintzaileak behar ditu, beharrezkoa du gazteek alde guztietara begiratzea eta beren ahalmen guztia garatzea. Profesional gazte horiek, merkatuak eskaintzen dituen aukerez gain, bide berriak ireki behar dituzte ibilbide profesional emankor eta arrakastatsua garatzeko. Horregatik, arriskatzera, ekitera eta profesionalki haztera animatu behar ditugu eta animatu behar gara, eta hori prestakuntza emanez eta talentua sustatuz bakarrik lortuko dugu.
Bizkaian/Euskadin ingurune ezin hobea dugu profesionalki hazteko eta talentu eta gaitasun guztiak garatzeko. Zortea dugu berrikuntzari, ideia berriei eta proiektuei zabalik dagoen lurralde batean bizitzeko. Hori, zalantzarik gabe, abantaila handia da, baina ezin dugu ahaztu prestakuntzak bat etorri behar duela enpresen eta gure hirien beharrekin.
Bizkaiarentzat desiragarria den etorkizun hori lortzeko, inguruan ditugun mehatxuei ere aurre egin behar diegu, eta lehiarako abantaila bihurtu. Trantsizio energetikoa, klima-aldaketa, digitalizazioa eta adimen artifiziala oso erronka garrantzitsuak dira gure ingurunerako, baina baita mundu jasangarriago, oparoago eta erresilienteago baterantz aurrera egiteko aukera ere, non gure enpresek zeresan handia izango baitute.
Alde horretatik, jarduera ekonomikoa eta berrikuntza Atlantikotik Ozeano Barera mugitzeak, eta Europa ekialderantz hazteak arriskua dakar Arku Atlantikoko eskualdeak eremu periferiko bihurtzeko, horrek dakarren lehiakortasun-galerarekin; izan ere, enpresek ez ezik, eskualde geografikoek ere eremu globalean erakargarriagoak izateko lehiatzen dute.
Horregatik, Bilboko Merkataritza Ganberak, Bizkaiko enpresen eta gizartearen interes orokorra zaintzen duen erakundea den aldetik, eta Bizkaiaren eta, hedaduraz, Euskadi osoaren lehiakortasuna bultzatzeko, uste du neurriak hartzeko garaia dela. Hori dela eta, Bilboko Ganberak hausnarketa-prozesu bat abiarazi du Arku Atlantikoko eremuko erronka komunak identifikatzeko, Portotik Akitaniara ganberen eta erakundeen arteko lankidetza-dinamika bat bideratzeko gai izateko, erronka komun horiei aurre egiteko eta espazio erakargarriagoa eta lehiakorragoa eraikitzeko. Atlantikoko korridorea izango da hausnarketa eta aldarrikapen horren puntu nagusia.
Gaur egiten dugunak bihar izango garenari eragingo diolako.
José Ignacio Zudaire
Bilboko Merkataritza Ganberaren Presidentea