Barakaldok itsasadarrari begiratzea erabaki du, berriro ere bizkarra ez emateko
Nahikoa da gure hiritik paseatzea egungo Barakaldok duela hogei urteko Barakaldorekin zerikusirik ez duela egiaztatzeko. Esentzia geratzen zaigu, geure DNA, inoiz aldatuko ez dena, baina gure hiria bere bigarren eraldaketa sozial eta urbano handia bizitzen ari da. Eraldaketa horren funtsa pertsonak dira eta bere benetako protagonista nagusiak erdigunea, auzoak eta itsasadarra. Izan ere, Barakaldo mende berrira egokitzen ari da, herritarren behar berrietara, sortzen ari diren helburu sozial berrietara,… Barakaldo gero eta metropolitarragoa azken urteotan erakundeen artean bultzatu dugun lankidetzari esker.
Barakaldoko lurraldearen % 60 baino gehiago naturala den arren gure auzoetako askok ez dute bihotz berdeak deitzea gustatzen zaiguna, arnasa hartzeko, atseden hartzeko, aisialdiaz gozatzeko… gune naturalak. Udal gobernutik beste erakunde eta entitate pribatu batzuekin sustatzen ari garen jarduketa berriei esker desindustrializazioak eragindako gehiegizko asfalto grisarekin amaitzeko eta berde bihurtzeko aukera izango dugu. Protagonismoa eman nahi diogu gure itsasadarrari; gune bakarra da, Ezkerraldea-Meatzaldeko beste udalerri batzuekiko bereizgarria eta Bilbo Metropolitarraren lotura. Horrela, bigarren eraldaketa handi honek aukera emango digu, dagoeneko egiten ari den bezala, kanpotik gure hiriari buruz duten ikuspegia aldatzeko: grisa, tristea, iluna, aurrerantzean hiri ireki, koloretsu, naturaltzat… hartua izan dadin.
Barakaldo berria barakaldarren parte-hartzearekin sortzen ari da, eta horregatik da bakarra. Lerro hauen bitartez nirekin Barakaldo berri honetan zehar ibiltzera gonbidatzen zaituztet, mugarri izango diren hiru proiektu errepasatuz. Hiru helburu lortzeko garatu ditugun hiru proiektu: hiri jasangarriagoa, atseginagoa eta auzo kohesionatuagoak dituena sortzea. Hiru proiektu hauekin Barakaldo itsasadarrari begiratzen hasi da, inoiz gehiago bizkarra ez emateko.
Burtzeñan hasiko dugu gure bidea, El Caleroren hirigintzako berroneratzeari esker laster goitik behera aldatuko den auzoan. 7.700 metro karratuko ekipamendu-eremua sortuko da, auzoari zerbitzu berriak eta 550 etxebizitza berri baino gehiago emateko; etxebizitza horietatik erdia babestuak izango dira. Gaur egun auzoa zatitzen duten trenbideak partzialki estaliko dira, eta, horrela, ingurua atseginagoa eta irisgarriagoa izango da. Halaber, Burtzeña eta Gurutzeta lotzeko sarbide mekanikoak sortuko dira. Auzo honen bihotz berdea 20.000 metro karratu baino gehiagoko berdeguneekin sortuko da. Jarduketa honi esker hiriburuaren eta gure udalerriaren arteko igarobidea atseginagoa izango da.
Burtzeñara bizikletaz iritsi gara, Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan Zorrotzatik sortuko den bidegorriari esker; Metropoliaren ikuspegiarekin egiten ari garen talde-lanaren adibide bat. Eta bizikletaz itsasadarraren ondotik joango gara gure hurrengo geralekuraino: Bilbao Ría 2000ren laguntzarekin laster eraikitzen hasiko den ibaiertzeko parkea. 9 hektareatik gorako berdegunea, kirol-guneak, aisialdirako lekuak, hondartza berdea… Zalantzarik gabe hau Barakaldoko bigarren eraldaketa sozial eta hiritar handi honetako funtsezko jarduketetako bat izango da; gure metropoli-batasunaren protagonista gisa itsasadarra jartzen duen eraldaketa.
Parke hau eta gure itsasadarra beste mugarri baten eraikuntzaren lekuko izango dira: bizikleta eta oinezkoentzako zubia, gure hiria hurbil daukagun Erandiorekin lotuko duena, banatzen eta bereizten gaituen uraren ondorioz beti oso hurbil baina aldi berean oso urrun egon garen bi udalerri senidetuz.
Zalantzarik gabe Unai Rementeria Ahaldun Nagusiaren taldeak bultzatutako 500 metro inguruko zubiak aukera emango digu erronka sozial berri horietako bati erantzuteko: mugikortasun jasangarriarena, eta, beraz, azpiegitura berri honi esker eta urte honen amaieran bizikleta elektrikoak alokatzeko martxan egongo den zerbitzu mankomunatuari esker, Barakaldo mugikortasun jasangarriaren ardatz bihurtuko da, bizikletarentzako alternatiba seguruekin bai Eskuinaldearekiko bai Bizkaiko hiriburuarekiko.
Hasieran esan dudan bezala, gure hiria ez da duela 20 urteko bera. Barakaldo jasangarriagoa, modernoagoa eta atseginagoa gara. Barakaldo berri bat; barakaldarrekin batera sortzen ari den hiria, bere burua multzo baten zati garrantzitsu sentituz: gure metropolia.
Amaia del Campo
Barakaldoko alkatea