Bizkaia: tradizioa, berrikuntza eta aukera globalak
Bizkaian, milaka urteko historia eta aukera ugariko etorkizuna uztartzen diren lurraldea da. Gure herriak jakin du bere tradizioak bizirik mantentzen, eta aldi berean, berrikuntza besarkatuz mundura proiektatzen. Lankidetza eta erronka partekatuak dira gure gizartea gidatzen dutenak, aurrerabiderantz bultzatzen gaituzten gakoak eta gure metropoliak azken hamarkadetan izan duen biziberritze-prozesuan giltzarri izan dira.
Bizkaiak ekosistema pribilegiatua eskaintzen die talentuari, startup-ei eta enpresei. Nazioarteko inbertsiorako leku erakargarria da. 2.000 km² eta 1.140.000 biztanle baino gehiago ditu, eta gure per capita errenta Europako batez bestekoaren gainetik dagoenez, bizi-kalitate handia erakusten du. Bilbo, gure hiriburua, Arku Atlantikoko hiri dinamikoenetako bat da, modu estrategikoan kokatua Europaren eta Mediterraneoa Atlantikoarekin lotzen duen ardatzaren artean.
Bizkaiko konektagarritasuna funtsezkoa da nazioartean proiektatua izan dadin. Bilboko portua Europako hegoaldeko portu atlantiko nagusia da, eta kontinentearekiko merkataritzaren % 30 inguru eragiten du. 148 herrialderekin eta 800 portu baino gehiagorekin lotzen da maila globalean, eta funtsezko ardatza da nazioarteko merkataritzarako. Bestalde, 2023an Europako onena zelako aitortza jaso zuen Bilboko aireportuak lotura zuzena du munduko hub nagusiekin eta Europako hiri garrantzitsuenekin, urtean sei milioi bidaiari baino gehiago izateaz gain.
Konektagarritasun digitalari dagokionez, Bizkaia abangoardian dago. Grace Hopper eta Marea itsaspeko kableek, Ameriketako Estatu Batuak eta Europa batzen dituztenek, gure lurraldea azpiegitura digital globalaren puntu garrantzitsu bihurtzen dute. Bizkaia posizio nabarmenetan dago banda zabaleko estalduraren, zuntz optikoaren eta sare finkoko ahalmenaren Europako rankinetan, eta horrek enpresen arteko informazio-truke elektronikoa errazten du.
Autogobernua Bizkaiko funtsezko zutabeetako bat da. Gure foru ogasunaren bidez, geure zerga-politika propioak ezartzen ditugu, garapen ekonomikoa sustatzeko eta herritarren ongizatea hobetzeko. Autonomia fiskal horrek lurralde erakargarri gisa kokatzen gaitu talentuaren, startup-en eta enpresa berritzaileen aurrean. Izan ere, atzerriko inbertsioa erakartzeko Europako laugarren hiri onena izendatu dute Bilbo, “European Cities and Regions of the Future 2023” sailkapenaren arabera.
Horri esker, Bizkaia berrikuntzan eta produktibitatean ere erreferente da, I+G+Bren aldeko apustu sendoa egiten duelako. Gure enpleguaren % 30 hartzen duen abangoardiako industria-sektorea dugu, eta hortxe daude gure zerbitzu aurreratuak ere. Energiaren sektorea ere beste eragile ekonomiko bat da, eta zabaltzen ari den ekosistema teknologiko industriala du, eredu berdeago baterako trantsizioan zentratua dagoena. Mugikortasun jasangarria eta biozientziak ere funtsezkoak dira gure lurraldean jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko.
Bizkaiko ekosistema industrial eta teknologikoa Europako sendoenetako bat da. Horren osagarri dira bost parke teknologiko, zazpi zentro teknologiko, bikaintasuneko bost ikerketa-zentro eta talentu globala atzeman eta erakarri ahal izateko beste instalazio batzuk. Gure hiru unibertsitate-campusek 70.000 ikasle baino gehiago dituzte urtean, eta Lanbide Heziketak Europako erreferenteetako bat denez, ezagutza-sare horretan laguntzen dute batak zein besteak, gure enpresak sektore estrategikoen buru izan daitezen. Eta Bizkaia lurralde ekintzailea ere bada, ekintzailetza sendoa babesteko ekosistema bat duena, ekosistema ekintzaileen balorazioan lidergo-postuak betetzen baititu.
Bizkaia aukeraz beteta dago inbertitu, ekintzaile izan edo euren talentua garatu nahi dutenentzat. Erakundeetatik hasi eta ekosistema teknologiko, akademiko eta enpresarialeraino, lankidetzan ari gara ingurune erakargarri eta lehiakor bat sortzeko, gure gizartearen hazkunde ekonomikoari eta ongizateari mesede egingo diona. Lankidetza publiko-pribatua giltzarri denez, Bizkaia berrikuntza eta tradizioa mugarik gabeko aukerak eskaintzeko dauden toki gisa proiektatzen da etorkizunera.
Duela gutxi, lankidetzarako trakzio-proiektu batzuk abiarazi dira Bizkaiko Foru Aldundiaren gidaritzapean, lurraldearen lehiakortasunerako eta ongizaterako ardatz estrategiko kritikoetan eragin positiboa izateko. Besteak beste, honako proiektu hauek aipa daitezke: BAT, B Accelerator Tower, ekintzailetzako nazioarteko zentro bat, ekintzailetzako nazioarteko nodo nagusiekin konektatua, non berrikuntza irekiko dinamiketan murgilduta dauden enpresa eta korporazioek tokiko eta nazioarteko startup-ekin eta ekosistemako gainerako eragileekin elkarreragiten duten beren berrikuntza- eta dibertsifikazio-prozesuak bizkortzeko, trantsizio digitalak eta berdeak planteatzen dituzten erronka eta aukeren aurrean irmotasunez lekutzeko helburuarekin; Energy Intelligence Center, trantsizio energetikoaren inguruko ekosistema teknologiko industrial bat garatzeko balioa sortzeko polo bat, EAEko industriak bere jarduera klima-aldaketaren aurkako borrokarekin uztartzea sustatuko duena, eta trantsizio energetikoa industria eta teknologia garatzeko aukera bihurtu; edo Bizkaia With the Talent, lankidetza-gobernantza publiko eta pribatuko ekimen bat, non erakunde, enpresa eta akademiaren eremuko erakunde baino gehiagok elkarrekin diharduten, STEM talentua fidelizatu eta erakartzeko, lurraldeko industriaren lehiakortasunaren eta zerbitzu aurreratuen aldeko faktore kritikoa baita.
Erakundeak bultzatzen ari diren proiektuen tipologiaren hiru adibide dira, Bizkaiak lehiakortasun handia izaten jarrai dezan, ongizate-indize sendoak izan ditzan, eta talentua, startup-ak nahiz enpresentzako aukerak eta inbertsioak erakartzeko aukeraz betea egon dadin.
Ainara Basurko
Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko foru diputatua