Zientzia eta Teknologia
Mundu zabaleko zientzia eta teknologiak azkar egiten du aurrera, eta, horregatik, gure gizarteak erronka handi eta konplexua du horren aurrean. Behar bezala erantzun ahal izateko, gizarteak erronka horretaz jabetu behar du lehenbizi; ekartzen dituen zailtasunak ezagutu, eskatzen dituen antolakuntza- eta ikuspegi-aldaketak eta beharrezko ekintzak –asko, epe luzekoak–. Hots, gizarte osoa bustiko duen zientzia eta teknologiaren kultura oso bat eskatzen du. Garrantzitsutzat jotzen diren beste ekintza askoren artean, bereziki aipatzekoa da kalitatezko informazio zientifiko eta tekniko baten beharra. Gizarte demokratiko batean, herritarrek arazoen, aukeren eta ondorioen jakitun izan behar dute, kultura zientifiko eta teknologikoaren hazkunde progresiboa bermatuko badute.
Teknologia funtsezko aldagai partekatu gisa hartu behar da, gizartearen bizitzako eremu desberdinetan:
- Nahitaezko hezkuntzan.
- Gizartean.
- Herri administrazioetan.
- Finantza-erakundeetan: finantza-keta teknologikoaren helburua bere egingo duen finantza-mugimendu bat sortu behar da. Izan ere, halaxe jaio ziren euskal banketxe handiak, joan den mendeko industria-garapenaren aterpean. Finantza-arloaren laguntzarik gabe, ezingo da teknologiaren garapen iraunkorrik sortu.
- Enpresetan: behar adinako tamaina duten enpresek gaitasun handiagoa dute teknologia eta garapenean inbertitzeko, eta, horregatik, gure enpresak dimentsionatu egin behar dira, teknologia-beharren arteko transmisio-uhal bihur daitezen.
- Unibertsitate eta teknologia zentroetan: bakoitzak bere eremuan lan egin behar du, baina eremu irekiak izanik; teknologia- eta enpresa-garapenaren oinarrizko sektoreak identifikatu behar dira, mundu osoko talentua eta ezagutza erakarri dezaten, eta, batez ere, planetako tokirik aurreratuenekin “konektatuta” egon daitezen. Mundu osoan errekonozituta dauden zentroekin akordio estrategikoak lortu behar dira, horrelaxe lortuko baitu gure gizarteak norabide horretan aurrera egitea.
- Hedabideetan: hedabideek ere metropolia eraikitzen lagundu dezakete, bai eta teknologiaren kimua garatzen ere; izan ere, inguruan arrakasta izan duten proiektuak ezagutzera eman ditzakete, teknologia hedatu, eta ezagutza mundura ireki.
Hainbat mailatako garapena da, eta, hari esker, teknologia-garapena lehen lerroan ezarriko da, metropoliaren ekonomia-garapenerako eta aberastasunerako funtsezko oinarri izan dadin.