Osasuna, bizi-kalitatea eta nagusientzako arreta
Euskadin oso osasun-sistema aurreratua dugu; zerbitzu publikoek (Osakidetza) protagonismo berezia dute, eta, horri esker, 2 milioi biztanlek baino gehiagok osasun-arreta unibertsala dute, “doan” eta osasun-estaldura zabalarekin, gainera. Osasun-sistema horrek ahalegin kolektibo handia eskatzen du. Osakidetza Euskadiko enpresarik handiena dela esatea besterik ez dago. Osakidetzan 33.000 profesionalek egiten dute lan, eta urtean 2.550 milioi euroko aurrekontua du (Eusko Jaurlaritzako aurrekontuaren %25).Osasun-sistema hori osatzeko, bestelako laguntza-zerbitzu batzuk ere baditugu, Foru Aldundi eta Udalek eskaintzen dituztenak.
Sistemaren gaineko zenbait hausnarketa:
Osasuna gastu gisa hartzetik, osasunean inbertitzera. Komeni-garria litzateke:
- Prozesu eta baliabideen barne eraginkortasuna hobetzen jarraitzea.
- Sektore publiko eta pribatuaren kudeaketa koordinatzea.
- Ikerkuntza: Osasunaren ikuspegia klinikoak edo patologikoak ez diren diziplinetara hedatzea; hain justu, diziplina horietatik datozen edo haiekin oso lotuta dauden beste batzuetara.
Osasunean egiten dugun Inbertsioaren “balioaz ohartzea”
- Ikerkuntza-prozesuak bultzatu behar dira, gure osasun-sistemara onurak ekar ditzaten, sistema horri bilakaera bat ekar diezaioten eta haren iraunkortasun ekonomikoan lagun dezaten. Halaber, gure ekonomia-jardueren barruan osasun sistema indartsu bat garatzeko behar diren oinarriak jarri behar ditugu, enplegua sortuko duen sistema bat.
Nagusientzako arreta
- Gaur egungo euskal gizartearen ezaugarririk adierazgarrienetakoa, eta ziur asko datozen urteotan are dimentsio handiagoa hartuko duena, zahartzearen arazoa da, eta, bereziki, pertsona nagusiek autonomia galtzen dutenean eman behar zaien arretarena.
Pertsona nagusien kolektiboak aberastasun eta esperientzia handia eskaintzen ditu, eta, horri esker, goitik behera gara ditzake bizitzako balizko aukerak; hori, zalantza izpirik gabe, oso baliotsua da gizarterako, nahiz eta askotan ez den aitortzen. Horregatik, Bilbao Metropolitarrak aintzat hartu behar ditu pertsona nagusien behar eta mugak, eta hiriak eta haren inguruneak prest egon behar du kolektibo hori hartu, errespetatu eta zaintzeko. Medikuntzako eta osasungintzako teknologien aurrerapenei esker, “urteak gehitu zaizkio bizitzari”; orain, ordea, urte horiek ongi igarotzea da erronka, kontuan hartuta osasunak ematen dizkigula norberaren buruarekin ondo sentitzeko aukera eta ongizatea.
Euskadin, zahartze-indizeak hazten jarraitzen du. Arazo horren aurrean, gaur egungo garaietara egokitutako politikak bultzatu behar dira, sistema iraunkorra egiteko. Belaunaldien arteko elkarbizitza izan beharko litzateke etorkizunerako lehentasun nagusietako bat.
Horretarako, 65 urtetik gorako pertsonek eskain dezaketen talentua baliatu behar da, baina eskarmenturik gabeko gazteak baztertu gabe; izan ere, haiek lan-merkatura sartzeko aukera gure pentsio-sistemaren iraunkortasunaren mende egongo da.