Hezkuntza, Prestakuntza eta Enplegua
Hezkuntza-sistemaren muina gizarteko balioak dira, eta azpisistema guzti-guztietan baliatu behar dira, hartara balio horiek ezarri ahal izateko.
Espezializazio absolutuaren aurrean, gaur egun, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da oinarrizko enbor partekatu bat definitzea, malgutasunez etorkizuneko aldaketetara egokitu ahal izango dena. Dena horren azkar aldatzen denean, asko mugitu behar da lehiakor izanik toki berean gelditu ahal izateko. Horregatik, oinarrizko printzipioak ongi ezagutzea eta printzipio horiek sormenaren bidez eta modu produktiboan egokitzeko gaitasuna eta jarrera lagungarriago dira une jakin batean gai espezializatuak menderatzea baino, nahiz eta gai horiek garrantzitsu eta premiazkoak direla eman, eta nahiz eta une jakin horretan hala izan.
Etorkizuneko aukeren eta ekonomiako lidergoaren mundua trebakuntza sakoneko pertsonen mende egongo da; ikuspegi orokorra izan beharko dute, arazo konplexuak ulertzeko gai izan, eta beti egon beharko dute gauza berriak ikasteko prest.
Hots, “ezagutzaren langile berriak” trebatzen lagundu behar dugu, ikasketa-ziklo bat osatu dezaten, etapa hauek gaindituz: oinarrizko trebetasunak eta balioen hezkuntza, ikasten ikastea, ezagutza sortzen ikastea eta ikasteari ez uzten ikastea.
Enpleguari dagokionez, funtsezko elementu bat da, eta gizarte-orekaren eta ekonomia-egituraren ardatza. Kalitatezko enplegua sortu eta finkatzeak zeharkako helburu izan behar du, eta funtsezkoak diren gainerako aldagaien inguruko hausnarketa eta ekintza-ildo guztietan txertatu eta aintzat hartu behar da.
Ez dezagun ahaztu kalitatezko enpleguak balio erantsi handiko jarduera ekonomikoek sortzen dituztela eta jarduera horiengatik sortzen direla. Eta, nola ez, jarduera horietan sartzen diren profesionalek maximizatu behar dute balio-sorrera hori, eta, horretarako, beren gaitasunak, trebetasunak eta konpromisoa baliatu behar dituzte.
Epe laburrera, ezinbestekoa da gure populazio langabetua (eta lanean diharduena ere bai) nolakoa den ongi ezagutu eta aztertzea, halaxe ulertuko baitugu zein eremutan jardun ahal izango lukeen errazen, edo zein hutsune bete beharko lituzkeen enplegagarritasuna hobetzeko.
Zentzuzkoa den moduan, profesional finkatuen kolektiboek beraiek diseinatu, zuzendu eta gidatu behar dituzte integrazio-programa berriak, hots, profesional berri horiek sistema produktiboan txertatuko dituzten programak.
Gure pertsona profesionalek balioa sortzeko duten gaitasunean eragin handia duten kultur parametroak daude. Ez ditugu ahaztu behar: ahaleginerako gaitasuna, konpromisoa, inplikazioa, etika… Halako balioak dituzten profesionalak sortzen ahalegindu behar dugu. Letra larriz idazten den Profesionaltasunaz hitz egin dezagun.