Enpresa
Enpresaren eginkizun nagusia “aberastasuna sortzea” da, helburu hauek betetzeko:
- Garapena finantzatzea eta akziodunei egoki ordaintzea.
- Langileen bizi-kalitatea hobetzea, ordainsaria, prestakuntza eta parte-hartzearen arteko triangelua hobetzeko aukera emanez, eta enpresaren bidez gizartean baliagarriak direla sentiaraziz.
- Bezeroen beharrizanak betetzea, kalitateari eta prezioari dagokienez produktu onena eskainiz.
- Hornitzaileen garapena eta hazkundea laguntzea.
- Jarduten duen ingurune sozialeko bizi-kalitatea hobetzea.
“Aberastasuna sortu” eta behar bezala banatzea epe luzeko konpromisoa da. Haren bitartez, enpresak zilegitasuna eskuratzen du, ekonomia-, gizarte- eta politika-testuinguru jakin batean irauteko. Hala, XXI. mendeko enpresak Ideiak hartu eta Irabazi bihurtzen ditu, XX. mendeko enpresek ez bezala; haiek Baliabideak hartzen zituzten, eta Irabazi bihurtu. Ezagutzaren Gizarteak, bere aurrerapen teknologiko eta zientifikoekin, orain arte imajinatu ere egin ez ditugun lanabesak izango ditu garatu ahal izateko.
Horregatik guztiagatik, Enpresa Berria definitu behar dugu; hots, XXI. mendeko ekonomia-eredua sortu beharko duena. Ordezkapen hauek egin beharko dira:
- Kosta ahala kosta hazi ordez, modu orekatuan haztea.
- Teknologia hutsaren ordez, teknologia modu seguruan erabiltzea, ingurumena eta gizarte-egonkortasuna errespetatuz.
- Stakeholdersek aberastasuna sortzea-gatik onurak lortzea.
- Kudeaketa autoritarioaren ordez, kudeaketa parte-hartzailea.
- Efizientzia ekonomikoaren ordez, efizientzia oro har, ekonomian, giza faktorean eta enpresa-kulturan.
- Enpresarekiko ustezko leialtasunaren ordez, proiektu partekatuetan parte hartzea.
Azken batean, “gure enpresa proiektuetan” goitik beherako eraldaketa bat sortu behar dugu; guk geuk, beste inoren eskutan utzi gabe, ikuspegia, eginkizuna eta balioak definitu behar ditugu, modu banakako eta kolektiboan; negozio bakoitzean funtsezkoak diren alderdien ezagutza hartu behar dugu, ezagutza horri eutsi eta hobetu (funtsezko aldagaiak). Bide batez, familiaren eta norbanakoaren baitan ere egin daiteke hori.
Testuinguru horretan, eta arestian aipatutako enpresaren eginkizuna partekatzen bada, enpresei zein sindikatuei beren eginkizunak hasieratik bukaerara berrikusteko eskatu beharko litzaieke.
Jabetza, langileak, bezeroak, hornitzaileak eta gizartea baldin badira aberastasunaren sorreran eta haren bidezko banaketan parte hartzen duten alderdiak, haien eginkizunak zein diren behar bezala definitzea premiazko beharra da, eta behar konplexua, gainera; izan ere, hausnarketa partekatua egitea eskatzen du, eta ez da batere erraza, alderdi horiek guztiak gaur egun zein egoeratan dauden kontuan hartuta.