Demografia, berdintasuna eta gizarte-kohesioa
Gure lurraldean, populazioa beherakada nabarmena nozitzen ari da. Gutxiago izango gara, eta zaharragoak.
Datu hori funtsezkoa da eraiki nahi dugun gizartearen estrategia definitzerakoan. Izan ere, horixe dugu abiapuntua: populazio aktiboa ez da nahikoa izango Hirugarren Adinak izango dituen behar sozial gero eta handiagoei eusteko.
2015eko otsaileko datuen arabera, Euskadiko populazioaren zahartzea historiako punturik gorenera iritsi da; urteetan zehar pertsona nagusienak asko ugaritu dira, gazteen kaltetan. Euskadin, izan ere, 16 urtetik beherako 100 pertsona bakoitzeko, 64 urtetik gorako 140 pertsona daude dagoeneko. Hots, zahartze-tasa %140koa da. Aipatzekoa da tasa hori bost aldiz handitu dela azken lau hamarkadetan. Hona hemen datu adierazgarri bat: 1975ean, zahartze-tasa %28koa zen, hots, 16 urtetik beherako 100 pertsonako, 65 urtetik gorako 28 zeuden. Inflexio-puntua 1996an izan zen. Urte hartan, Euskadi gizarte “gaztea” izatetik, “zahartua” izatera igaro zen: hirugarren adinak pisu handiagoa hartu zuen. Medikuntzako aurre-rapenei esker, bizi-itxaropena luzatu egin da, eta jaiotze-tasak asko jaitsi dira; horiexek dira bilakaera horren zergatiak.
Joera horren eraginez gerta litezkeen aldaketa demografikoek denbora nahiko luzea beharko dute, eta, beraz, etorkinen populazioa erakarrita, egoera orekatu ahal izango litzateke. Prest al gaude, alderdi sozial eta ekonomikotik, nahikoa etorkin erakartzeko, gure gaur egungo beharrak eta etorkizunekoak kontuan hartuta, eta haiei ere gainerako pertsonen aukera berberak eskaintzeko prest al gaude?
Bilbao Metropolitarrean aukera-berdintasuna bermatzeko, bereziki garrantzitsua da –etorkizunera begira izan ditzakeen ondorioengatik– haurtzaroko pobreziaren tasa murriztea; izan ere, 2008-2014 bitartean %7,3tik %11,2ra igo zen.
Bazterketa-arriskuan dauden adin txikikoei ematen zaien babesak jarraipena izan behar du ondorengo etapetan, haur hezkuntzan, lehen hezkuntzan eta bigarren hezkuntzan behar bezala ariko direla bermatu ahal izateko.
Haurren aukera-berdintasuna bultzatzeko ekimen horiek guztiak erabat lagungarri dira pobrezia-egoerak kroniko bihur ez daitezen, eta populazioko sektore jakin batzuek etengabe gizarte-laguntzen mende-kotasuna izan ez dezaten.
Bilbao Metropolitarreko giza kapitalaren onura erabat baliatzeko, gainera, emakumea lan-merkatura berdintasunez txertatzeko prozesuan azkarrago egin behar da aurrera. Gizon eta emakumeen trebakuntza-maila geroz eta gehiago parekatzen ari den arren, emakumeen jarduera-maila baxuagoa da oraindik gizonezkoena baino. Emakumezkoen jarduera-tasa baxuago hori ez dator bakarrik langabezia-maila altuetatik, baizik eta kultur aldagaietatik, etxeko lanak banatzeko moduagatik eta mendekotasuna duten pertsonak zaindu beharragatik.