Gaur gurekin… Eneko Arruebarrena

Ez ditut kasualitateak ukatzen. Baina dirudien baino gutxiago dira. Gehienetan gertakarien atzetik irudimen-, prestakuntza, lan- eta egindakoaren ebaluazio-dosi handiak egoten dira, hortik abiatu, urrats berriak egin eta berriro hasteko (edo jarraitzeko, hobeto esanda). Inspirazioarekin ere hala izaten da, ona dela lanean harrapatzen bazaitu.

Bilbao Metropoli 30 1991n sortu zen irabazi asmorik gabeko elkarte publiko-pribatu izateko bokazioz, eta Bilboko metropoli-eremuaren geroari buruz gogoeta egin, epe luzera partekatutako ikuspegia eman eta ikuspegi hori lortzen laguntzeko, egitasmo eraldatzaileak sustatuz.

Handik urte gutxira, 1995 eta 1997 artean, Metro Bilbao eta Guggenheim Museoa heldu ziren. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen, beste proiektu batzuk alboratu gabe (itsasadarraren saneamendua eta biziberritzea adibide bikaina dira), biak ala biak funtsezko zutabeak direla zeinen gainean, joan den mendearen amaieran, Bizkaiaren eta bere metropoli-eremuaren onerako eraldaketa ikusten hasi zen.

Museoak hemendik kanpo izandako proiekzioa eta nazioartean eragindakoa oro har aitortzen diren arren, metroa, orduan, «kanporanzko» indar handiko bektorea izan zen, gure lurraldea hiri-garraiorik onenaz gozatzen zuten hiri eta metropoli-eremuen multzora igo baitzuen, teknologia, modernotasuna eta ospea uztartuz. Garai hartan mundu osoan 100 zorionekok soilik jokatzen zuten liga. Athleticek urtero Championsa jokatuko balu bezala da.

Alabaina, Metro Bilbaok askoz ere eragin garrantzitsuagoa izan du «barrurantz». etroa gure komunitatearen lurralde-ardatza da eta herritarrak gizartean bateratzen ditu. Metroak udalerriak batzen ditu, hiri-errealitateak saretzen ditu, bi itsasadarrak lotzen ditu eta, aldi berean, pertsonak harremanetan jartzen ditu, eta sentitzeko moduak eta pentsatzeko erak nahasten ditu. Metro Bilbao gure gizartea demokratizatzeko funtsezko osagaia da, berdinago egiten gaituelako. Horrela, gainera, hobeak egin egiten gaitu.

Metroa garraio publikoa egituratzen duen ardatza da Bizkaian. Bizkaian garraiobide publikoan ibiltzen diren bi pertsonatatik batek baino gehiagok metroa hautatzen du. 30 urte betetzear dagoela, Metro Bilbao arian-arian sabai guztiak apurtuz joan da eta urtean 100 milioi balioztatzera heltzeko erronka lorgarri ikusten du. Horrekin Metro Bilbaok eratzean izandako helburua betetzen du: ikuspegia eta eginkizuna errealitate dira. Eta orain zer?

Orain berriro hasteko, edo jarraitzeko, garaia da; gauza bera da, azken finean. Hurrengo 30 urteak irudikatzea, prestatzea eta ausardiaz lan egitea etorkizuna irabazi eta gauzatzeko. Bizkaiko metropoliko garraiobide publikorik onena ezinbestean berriztatzeari ekiteko garaia da, bera gabe gure metropolirik ere ez legokeelako. Gaur ez dakigu, ezin dugu eta ez dugu nahi metrorik gabe bizi. Zeren metroari esker urtero-urtero ibilgailu pribatuetan 70 milioi bidaia baino gehiago kentzen dira errepideetatik eta saihesten da atmosferara 800.000 tona CO2 baino gehiago isurtzea.

Metro Bilbaok erreferente izaten jarraitu behar du fidagarritasunean, erosotasunean, segurtasunean, edozein garraiobide publikoren «izan beharra» definitzen duten ezaugarriak denak. Bai, zalantzarik gabe. Baina Metro Bilbaok hori eta gehiago izan behar du. Digitalizazio, teknologia, energia-kudeaketa, iraunkortasun, kontsumo arduratsuaren eredu ere izan behar du. Baita herritar guztien irisgarritasunean, inklusibitatean, aukera-berdintasunean, gure enpresak eta ekoizpen-sektorea nazioartera hedatzen laguntzean ere. Gure herriaren kulturaren eta berezko hizkuntzaren isla izan. Abangoadia sustraiekin, tokitik bertatik globalera. “Txapela buruan eta ibili munduan” jakinda “zenbat buru, hainbat aburu” dagoela.

Metropoli bat oro har zer den, eta gurea zehazki zer den azaltzeko definizio ugari eta askotarikoak irakurri eta entzun ditut. Bilboren eraldaketa itzelaren egile eta enbaxadore, alkateen makila berak ere heldu zion arte, Ibon Aresori entzun nionarekin geratzen naiz. Bere hitzetan, Bizkaiko metropolia pertsona bat eroso bizi daitekeen eremua da, Getxon esnatu, Bilbora lanera joan eta, ondoren, etxera itzuli baino lehen, Santurtzin antzerkiaz gozatzeko aukera ematen duelako, joan-etorri horiek guztiak metroz eginez.

Argi dago Areso alkateak bazekiela gure metropolia orainean elkarren lankide eta lehiakide diren eta geroan agian lankidetza eta lehia horiek erdibana biziko dituzten hiri eta metropolien mundua eta gehiago dena. Ez didazue ukatuko, ordea, oso xume eta grafikoki jaso zuela Metro Bilbaoren papera Bizkaiko gure metropolian: jendeari bizitza erraztu eta hobetzea. Alajaina!

Eneko Arruebarrena

Metro Bilbaoren zuzendari nagusia