Enpresak etorkizuneko metropoliaren buru
Bilbao 2021eko munduko hamargarren hiririk adimendunentzat hartu du Institute for Management Development (IMD) erakundeak, ospe handia duen Suitzako eskolak. Ikerketa honako alderdietan oinarrituta dago: herritarren iritzia (izan ere badakigu Bilbon gure autoestimua oso handia izan dela beti) eta NBEren Giza Garapeneko Indizetik (GGItik) ateratako gizarte eta ekonomia arloko datu objektiboagoak. Zer esanik ez, gure metropoliaren aldaketa izugarria oso ondo ezagutzeko aukera izan dugu txokolate-marroidun koloreko itsasadarreko (eta ostadar-koloredun Asua ibaiadarreko) ibarretan 1970eko eta 1980ko hamarkadetan hazi garenok.
Garai hartako Bilbao horretatik izandako eraldaketa arrakasta handiko kasua izan da nazioartean. Prozesu hori gauzatzeko, hainbat faktore eman behar izan ziren unerik latzenetan: alde batetik, proiektuaren buru, erabat sinestuta, jo eta ke lanean ibilitako herri-administrazioak; eta bestetik, sektore pribatuaren lankidetza, ikuspegi eta asmo garbiz. Hain zuzen ere, faktore eta eragile horiek behar ditugu orain berriro ere hurrengo mailara igarotzeko: Bilbao etorkizuneko metropoliaren eredua izatea. Eta horrekin, zer esan nahi dugu? Esamoldea zientzia-fikziozko film baten izenburua eman lezake. Baina, nire ustez, etorkizuneko metropoliak honako osagaiak izan behar ditu: ikuspegi argia duten agintariek ondo gobernatutako hiria izatea; ondo pentsatutako azpiegiturak edukitzea; inbertsiorako erakargarria izatea; eta teknologiari, zientziari eta hezkuntzari lotutako guneak enpresa-jarduera sendoarekin uztartzeko gai izatea. Jakina, hiri-eredu horrek herritarren osasuna eta ongizatea lehenetsiko ditu. Gainera, herritarrik baztertuko ez duen hiri horretan, adinari, generoari, kulturari eta sinesmenei dagokienez egon daitekeen aniztasuna aurrera jotzen ibiltzeko alderdi aberasgarritzat hartuko dute.
Lurralde berritzaile eta moderno honen arrakasta sustatu ahal izateko, zalantza barik, enpresak funtsezko faktoreak dira, izan ere, ongizatea, aurrerakuntza eta berrikuntza dakartzate eta herritarren bizimodua hobetzen dute. Enpresak, halaber, eraldatzeko, egokitzeko, aukerak izateko eta erronkei ekiteko herritar talentudunek eskatzen dituzten guneak dira. Jarduera industrial handiko hamarkadetan, beren lan-eskua eta ezagutza eskaintzeko prest zeuden talentudun ehunka mila herritar erakartzeko eta gure gizartean txertatzeko gai izan baginen, orain ere antzeko egoeran gaude: gure metropolia erakargunea izatea lortu behar dugu, lehenik eta behin, geure gazteek bertan geratzeko edo nazioartean eskarmentua lortu ondoren itzultzeko asmoa azaldu dezaten eta, horren ostean, eskarmentua eta etorkizuneko ikuspegia dituzten horiek Bilbon bizi nahi izateko. Halaber, helburu horretarako, enpresen eta erakundeen etorkizunari buruzko erabaki garrantzitsuak hartzen dituztenak gure lurraldera erakartzea funtsezkoa da. Horrela, enpresa eta erakunde horien buru izateak eskatzen duen “saltsa” egokia topatuko dute eta, besteak beste, gure onurez baliatu ahal izango dira, esate baterako, herri-erakundeekin dauzkagun gertuko harremanez.
CEBEKen gure enpresak eta haien kideak etorkizuneko metropoliaren bultzatzaile nagusiak izatea sustatu nahi dugu. Nola egiten dugu hori? ekinBarriren bidez. Programa horren buru CEBEK dago eta hainbat eragileren laguntza jasotzen du: Bizkaiko Foru Aldundia, FVEM (Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioa), CECOBI (Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioa), ASCOBI (Bizkaiko Eraikitzaileen eta Sustatzaileen Elkartea) eta AVEQ (Enpresa Kimikoen Bizkaiko Elkartea). Horrekin, enpresa berritzailearen kultura berria eta horien buru izateko estiloak ditugu hizpide, aldaketei eta erronkei heltzeko xedez, eta sektore bakoitzaren joera nagusiei egokituta. Gaur egungoa bezalako ziurgabetasunezko unean, egoera bakoitzari aurrea hartzeko modu berriak bilatzen dituzten enpresak soilik aterako dira aurrera. Horiek ditugu gure ekosistemak behar dituen konfiantza eta erakarpena sortzeko gai izango diren bakarrak. Horretarako, enpresek zintzotasunez eta gardentasunez jokatu behar izango dute, haien kideen parte-hartzearekin. ekinBarri deritzon ekimenaren bitartez, dagoeneko lortu dugu gure lurraldeko berrogei enpresa baino gehiagotan prozesu hau ezarri izana edo jardun horretan ibiltzea. Haren bidez, kultura berriaren sarrera bizkortzeaz gain, antolatzeko eta harremanak izateko modu berriak antolatu dira. Bat egiteko joerari eutsi behar diogu, izan ere, dinamika hura da enpresen eta etorkizuneko metropolien elkargunea eta horretan ezarri dezakete gaur egun hain beharrezko dugun ingurunea, baterako sorkuntzaz eta egonkortasunaz osatuta.
Carolina Pérez Toledo
CEBEKeko presidentea