Gaur gurekin… Gregorio Villalabeitia

Bilbao metropoliak aukera handiez jositako aldi itxaropentsuari ekingo dio epe ertainean, izan ere, egoera berri hori ekoizpen-sarea eta gizartea berriro eraldatzeko lagungarria izango da, eredu jasangarriago eta digitalagorantz abiatzeko.

Izan ere, Susperraldirako Planari lotutako Europako diru-funtsek hurrengo belaunaldiak hazi eta heziko diren garapen-eredua zehaztuko dute. Trantsizio horrekin konprometitutako eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza erabakigarria izango da ‘Next Generation’ funtsek lehiakortasunaren eta berrikuntzaren alde duten potentziala aprobetxatzeko.

Ahalegin komunitarioak ez du parerik historia modernoan. Horregatik, ‘next’ etorkizuneko Euskal Hiriak bat egin behar du Europako Batasunak ezarritako lehentasunekin, honako helburuekin: enplegua sortzea; pandemiak ekonomian eta gizartean eragindako kaltea zuzentzea; eta proiektu ekologiko eta digitalak bultzatzea.

Jasangarritasunari eta trantsizio energetikoari lotutako ekimenak, horietan digitalizazioa funtsezko tresna izanik, talentua pizteko eta atxikitzeko gai den produkzio-sare moderno eta berritzaile baten eragile gisa agertzen zaizkigu. Zalantza barik, Bilboaldeko metropolia, bere ezaugarriei esker, historia osoan eten bako aldaketari eta eraldaketari atxikita, erronkari aurre egiteko moduan egongo da.

Duela hilabete batzuetatik hona, Kutxabank ekintza-ildo horiek jorratzen ibili da, aurrera jotzeko aipatutako ardatzen aldeko konpromiso sendoari eusteko eta aldaketaren bultzatzaile eta eragilea izateko asmoz.

Duela gutxi, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresari-erakundeekin lankidetzan, enpresen susperraldia babestuko duen plana diseinatu dugu. Horretarako, Europako laguntza-programa ahal bezain ondo aprobetxatzen ahaleginduko gara. Ekimen hori, finantzaketa handitzeko gure programa gehigarri batekin osatuko dugu.

Jakina denez, ‘Next Generation’ planak ezarritako helburuak betetzeko laguntzak lortu nahi dituzten herri-erakundeak ere bultzatzeko asmoa dugu.

Aurreratu dudan bezala, etorkizuneko erronketan lehentasuna eman behar diogu digitalizazioari gure enpresa eta herri-erakundeetan, Europako agendaren ildotik. Itxialdiak eta pandemiak zer ikasi ugari ekarri dute arlo digitalean eta, hori behar bezala aprobetxatuz gero, mesedegarria izango da enpresen eta herri-erakundeen trantsizio-prozesuan bertan.

Arlo digitalari esker, herritarren bat-bateko premia handiagoei azkar eta eraginkortasunez erantzuteko gai diren ekoizteko eta arreta emateko ereduak antolatu ditzakegu, izan ere, horietan ezinbestekoa dugu teknologiaren erabilera.

Gainera, etorkizuneko hiriak guztiz berdea den ingurunean txertatuta egon behar du. Aro berrirako bidaia honetan jasangarritasunaren bidetik abiatu behar dugu ekoizpenari edo mugikortasunari dagokienez, izan ere, alderdi hori funtsezkoa da metropoli-ingurune baterako. Ingurumenaren arloan enpresa, herri-erakunde eta hiri jasangarrien helburuak Europako agintari nagusien babesa dauka, gizartearen eskaera geldiezina izateaz gain.

Baina gure metropoli berrien etorkizuna berriz diseinatzerakoan, ezin da inolako planik burutu belaunaldi gazteenak eraldaketaren subjektu nagusitzat hartzen ez baditugu. Bizi beharko duten munduaren oinarriak marrazten ari gara eta, beraz, funtsezkoa da etorkizunari begira haien talentua estimulatzea eta atxikitzea. Hazteko eta egokitzeko gai diren profesionalak prestatu eta sustatu behar ditugu, azken batean, haien profilak ekologikoa, digitalagoa eta erresilienteagoa den Europa berri honi egokituta.

Egoera horretan, Bilboaldeak erreferentziazko finantza-ingurune gisa dagokion eginkizuna bete beharko lukeelakoan nago, zinez. Bilboaldeko Metropolia potentzial handiko gune modernoa da eta Europako finantza-hirien mapan bere lekua berreskuratzeko beharrezko gaitasun eta azpiegiturak ditu. Prozesu horretan, Kutxabank Taldeak funtsezko eginkizuna izan behar du, izan ere, euskal finantza-industriaren % 70 baino gehiago osatzen du eta unitate espezializatuak dauzka, hala nola, Norbolsa, Kutxabank Gestion edo Fineco.

Azken batean, eraldaketa ekonomiko handiko garaia da eta aukera horiek baliatu behar ditugu. Kutxabanken gure enpresa eta herri-erakundeekin batera egin nahi dugu bidaia hau eta, horretarako, gure lankidetza eta ezagutza osoa eskaintzen diegu, betiere haien lehiakortasunari eusten laguntzeko helburuarekin.

 

Gregorio Villalabeitia
Kutxabankeko presidentea