Gaur gurekin… José Antonio Garrido

Bilbao Metropoli-30 elkartetik Etorkizuneko metropoliak – Metrópolis de futuro izeneko hileroko berripaper hau argitara eman dugu. Bertan, hiri-lurraldeetan eragina izan dezaketen etorkizuneko gaiei buruzko gure bazkideen ekarpenak partekatu nahi ditugu.

Egindako jardueren berri emateko asmoz Metropoli Berriak argitalpena hilero bidaltzeaz gain, elkartean gure bazkideekin komunikatzeko dauzkagun bideak indartu nahi ditugu, beraien ezagutza aprobetxatzeaz gain. Gure bazkideen ekarpenekin batera, blogak metropolien etorkizunari lotutako albisteetarako tartea izango du, batez ere, nazioarteko gaiez osatuta.

Blog hau irekitzeko, Unai Rementeria Maiz Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren laguntza izango dugu. Berari eskerrak eman nahi dizkiogu ekimen honetan zuzenean parte hartzeagatik.

Bere berbetan, Ahaldun Nagusiak arlo publikoa zein pribatua batzen dituen maila askotariko lankidetzazko gobernantza holistikoaren garrantzia nabarmendu du. Lankidetza publiko-pribatu hori, hain zuzen ere, Bilbao Metropoli-30 elkartearen berezko ezaugarria da eta, epe luzeari begira, jasaten ari garen pandemiak eragindako nahasmen handiari aurre egiteko tresna lagungarria izan daiteke, izan ere, osasun, ekonomia eta gizarte arloan eragin handia izan du.

Beste inoiz ez bezalako arrisku-egoerei aurre egin behar diegu. Arrisku eta ziurgabetasunetako askok gure bizilekua eta estatus soziala edozein izanda ere eragiten digute; izan ere, globalizazioari lotuta daude, eta horrek berrikuntzari lotutako bestelako arrisku eta ziurgabetasunak ekarri ditu.

Arriskua ez da mehatxuaren sinonimoa. Arriskua, etorkizuneko aukerei dagokienez, eraginkortasunez aztertzen diren egoera arriskutsuei dagokie. Horregatik, etorkizunari begira dauden gizarteek, hain zuzen, irabazi beharreko lurralde gisa bizi izaten dute arrisku hori. Arriskuaren ideiak iraganean ainguratuta ez geratzeko gogoz ahalegintzen den gizartea dakarkigu burura.

Hori dela eta, une honetan oso beharrezko dugu gizarte zibilari protagonismo handiagoa ematea eta lidergo sozial arduratsua sustatzea, etorkizuneko arriskuari aurre egiteko. Horretarako, inoiz baino gehiago aberastasuna sortzearen eta haren bidezko banaketaren alde egin behar da.

Bestalde, aberastasunaren sorreraz eta haren bidezko banaketaz osatutako binomioak epe luzerako funtsezko konpromiso bihurtu behar du gizarte osoarentzat. Gizarte-balioen eta balio operatibo tradizionalen artean enpresaren barruan ematen den gatazka zein hautua da, hain zuzen ere, kapitalismoaren egungo krisiaren alderdietako bat.

Gizarte berria sortuko duen sistema ekonomiko berria behar dugu. Era berean, eratzen ari den gizarte berriak sistema ekonomikoaren paradigma berria eskatzen du. Adimenean oinarritutako aldi iragankorra beharrezko dugu, “dena ala ezer ez” bezalako planteamenduak, ohiko konbentzionalismoak eta aurreko ereduen errepikapen fatalista baztertuta. Funtsezkoa da sinplifikazio murriztaileetatik ihes egitea, nahasmena sortzen dutelako eta konponbidea ekartzeko ahalmen eta betebeharra dituztenei arazo konplexuak konpontzeko gaitasuna ukatzen dietelako.

Horretarako, ahalegin handia egin beharko da proiektua partekatzen duten barruko eta kanpoko profesional bikainei “deia luzatzeko” eta gure inguruko botere ekonomiko eta industrial berri bilakatzea merezi duela beraiei ikusarazteko. Haien parte-hartzea beharrezkoa izateaz gain, aukera paregabea delako. Izan ere, enpresa arloan aberastasuna sortzeko gai diren profesional eragileak eduki behar ditugu, enpresa eragileak baino. Era berean, etorkizuneko erabaki politikoen buru izango direnek hainbat jarduera ekonomiko-industrialetan dabiltzan lantaldeen laguntza jasotzeko aukera izan behar dute. Horien kideek egiaztatutako gaitasun etiko eta teknikoa izateaz gain, partekatutako proiektu batean oinarritutako benetako sarea osatu behar dute.

Euskal gizartean, gainerako gizarteetan bezala, errealitate berri horri egokitzeko erronkari aurre egin behar diogu. Eta egoera honetan, lehenengo pausoa gutako bakoitzari dagokigula jakin behar dugu; izan ere, geu gara, gutako bakoitzaren erantzukizunetik abiatuta, egokitu zaigun testuinguru berri honetan bete nahi dugun eginkizuna aukeratu behar dugunak.

Datozen urteetan “aldi iragankor” horri ekiten laguntzeko asmoz, Bilbao Metropoli-30 elkarteak lanean jarraituko du ideiak, estrategiak eta aukerak sortu ahal izateko. Ideia horiek gogoa, beharrezko ezagutzak eta balio positiboetan oinarritutako jokabideak izateko premian oinarritzen dira. Eta hori guztia herritar bakoitzak gainerako herritarrentzat garatu behar du.

 

José Antonio Garrido

Lehendakaria

Bilbao Metropoli-30